XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sarrera

Euskara normalizazio-bidean dagoen hizkuntza minorizatua da, azken urteetan hizkuntza literarioaren batasuna lortzeko ahalegin gogorra egiten ari dena.

Hizkuntzaren batasuna maila guztietan garatu beharreko lana da, noski, eta zati handi bat lexikoaren batasunari dagokio, bai hitz soilen formak erabakitzeari, eta bai lexiko-sorkuntzarako bideak aztertzeari.

Nabarmena da, alde honetatik, azkenaldian euskal lexikoaren inguruan egiten ari den lan itzela, tradizioan zehar erabili izan diren formak jaso eta sistematizatuz alde batetik, eta egungo kulturari egokituko zaion hiztegi moderno eta eguneratua prestatzeko hainbat ikerketa eta argitarapen burutuz bestetik.

Baina orain arte landu eta argitaratu diren hiztegi guztiak egitura konbentzionalaren arabera landuak izan dira.

Eta horrek euskal lexikogintzaren lagungarri garrantzitsua izango litzatekeen produktu baten hutsunea nabarmentzen du, hizkuntza honetan atzizkiek eta elkarketa-bideek duten emankortasun handia kontuan izanik: hitz-bukaeratik abiatuta ordenatutako euskal hiztegiarena, hain zuzen ere.

Hutsunea eta hutsunea betetzeko premia aspaldi nabarmendu ziren, egia esan: gogoratu besterik ez dugu R.M. Azkueren Morfología Vasca-ko pasarte hau, hainbat eta hainbat kontutan aitzindari izan genuen maisuaren kezken eta itxaropenen (beti beren helburua jotzera iritsi ez ziren itxaropenen) lekuko.

Honela agertzen zuen orduko ezina:

"hay otros muchos [afijos] cuyo alcance hoy no conocemos y cuyo análisis podrá abordarse con mayor probabilidad de éxito cuando tengamos un buen Diccionario de la Rima;

eta honelako itxaropenez ikusten zien irtenbidea bere garaiko mugei:

No sigo en la enumeración de sufijos temáticos análogos de adjetivos, pues aquel a quien interese la materia podrá hallarlos, antes de mucho tiempo, en el Diccionario de la Rima que a nuestras instancias se propone elaborar uno de nuestros correspondientes".

Azkuek agindutakoa baino denbora-epe luzexeagoa behar izan dugu baliabide hori eskura izateko; baina hemen dugu, erabili nahi duenaren eskumenean.

Zilegi izan bekigu harrotasun-punttu batekin esatea.

Era honetako produktu batek erabiltzaile-talde zabala izan bait dezake, gure ustez, euskal hizkuntza eta literatura lantzen dutenen artean: